Atletismo-jarduera berriro martxan
Egilea: Pululu Itzulpena: Auritz Mendizabal
Asteburu honetan hasiko da berriro Txindoki Jaso Autowag ATko atleten atletismo-jarduera..
Aldi luze baten ondoren, pandemiaren ondorioz, itzuleran ibilbideko nahiz mendiko herri-lasterketetan normaltasuna izatea da jarduera horren ezaugarri nagusia. Normaltasun hori ez da berriro modu batera edo bestera hausten, eta laster egongo gara 2020ko martxoa baino lehen genuen egoeran. Horrek esan nahi du, asteburu oro, ehunka atleta herrikoi berriz ikusiko ditugula beren herrietako kaleetan ilusioz parte hartuz.
Larunbatean, Kantabriako Oruña de Pielagos herrian, Bajo Pas maratoi erdia jokatuko da. Aurten, hirugarren aldiz, Espainiako txapelketa absolutuaren egoitza izango da, eta ibilbideko maratoi-erdiko distantziaren (21.097 metro) master kategoriko Estatuko hitzorduan Txindoki Jaso Autowag ATko Asier Auzmendi atleta masterra egongo da, bere kategorian (45 urtetik 49ra) ahalik eta paper onena egiteko lehiatuko dena. Urte bat baino gehiago daramatza Asierrek maila onean, eta bere helburua izango da marka handi bat egitea eta Granollerseko maratoi-erdian aurtengo ekainaren 5ean egin zuen 1h19,37 denbora hobetzea, baldintza meteorologikoek ez baitzuten batere lagundu marka onak egiten. Halaber, Espainiako emakumezkoen kategoria absolutuan, Lazkaon bizi den Donostiako atleta den eta Bilbo Atletismoko Maite Arraiza ere izango da; ekainean Granollersen egin zituen 1h23.23ak hobetzen saiatuko da.
Hemen hurbilago, baita larunbatean ere, Legorretan, Talidomidak kaltetu dituenen aldeko ibilbideko laugarren lasterketa herrikoia egingo da, 7,5 km-ko distantzian. Atleta urdinek ere parte hartuko dute.
Igande goizerako, Axari Trail mendiko lasterketen zortzigarren edizioa izango dugu, Mikel Garmendiaren oroimenekoa. Idiazabalen bi distantzia daude: Axari Trail 25 km-an eta Axari Trail Txiki 16 km-an. Hemen ere izango dira Txindokiko atletak.
Gogoan izan datorren astelehenean, hilak 13, hasiko direla Txindokiko atletismo eskolako entrenamenduak. Edozein zalantza argitzeko edo informazioa lortzeko, pistan bertan aukera izango da galdetzeko edota sare sozialetan kontsultatu.
Gogoratu, halaber, joan den astelehenetik aurrera irekita daudela irailaren 26ko Josetxo Imazen izen-emateak www.kronoak.com orrian.
Comments